|
Bizkaia iparretik hegoaldera zeharkatzen duten mendi-lerroen multzoak lurralde honen paisaia oso gora-beheratsu egiten du. Paisaia hau, batzuetan garaiera handia hartzen duten oztopo naturalek elkarrengandik bereizten dituzten haran zabaletan zatiturik dago. Bizkaiko mendiak itsasoraino iristen dira eta, ondorioz, ia kostalde guztia oso malkartsua da, salbuespen bakarrak bizkaitar ibai nagusien bokaleetan sortutako estuarioak izanik.
K lima kontinentala, hezea eta tenperatura epelekoa duenez, zuhaizti trinko eta ugariak ditu; hauen artean garrantzizko presentzia dute oraindik ere espezie autoktonoek, haritza edo pagoa kasu, nahiz eta eremu zabal samarretan errenta epe laburragoan ateratzen zaizkien espezie arrotz batzuekin ordeztu dituzten, hala nola pinua edo eukalitoa.
H errialdea osatzen duten hirien artean, Bizkaia da biztanle-dentsitaterik handiena duen lurraldea. Horren arrazoia, Bilbo hiribururak eta bere inguruneak duten pisu demografikoan datza, beraz, gainontzeko eskualdeek sarri urbanizatuta egon arren, baserri-giroari eusten diote eta paisaiaren kalitatea preziagarria da.
I ndustri iharduera Bilbo, Nerbioi ibaiaren ezkerraldea eta lurraldeko herrigune handietan kontzentraturik dago. Bilboko portua izan da, merkagaiak Europarantz bideratzeko Gaztelak Erdi Arotik izan duen atea. Horregatik, eta Bizkaiko burdinaren esportazioak bultzatutako merkataritza-ihardun biziarengatik hartu ahal izan zuen Bilbok batez ere, eta lurraldeko beste hiribildu batzuek, halako garrantzi komertziala. Ezin dugu, halere, kostaldeko beste herrietako arrantza -eta marinel- iharduera alde batera utzi, gaur egun ere Bizkaiko ekonomiaren oinarrietako bat baita.
Bilbon eta bere metropoli-esparruan Bizkaiko 1.200.000 biztanleetako gehienak bizitzeaz gain, Euskal Herri osoko biztanleriaren ia erdia biltzen da. Azalpen demografiko honek adierazten du Bilbok eta bere inguruneak herrialdean duten pisua oro har.
G aur egun, Bilbao, arkitektura eta arte garaikideen erreferentzia gisa gailentzen ari da Europa-,mailan. Garrantzizko arkitektoek utzi dute beren aztarna hirian, adibidez, Calatrava -Unibertsitateetako Zubia- edo Foster -Metroa-. Baina, Guggenheim Museoa izan da, zalantzarik gabe, Bilbaoko hiriari nazioarteko ospea eman diona.
N erbioi itsasadarraren gainean lore futurista baten antzera zabaltzen den titanio, granito eta kristalezko egitura harrigarri horrek, hiriko argi aldakorrak perfekzio bakan eta poetikoaz islatzen dituela, erakusketetarako 11.000 m2 biltzen ditu bere barnean, zerbitzuetako eta erabilera publikoko eremu zabalez gain.
B ilbo Euskal Herriko hiriburu finantzarioa eta ekonomiaren eragilerik garrantzitsuenetakoa da. Bertako Nazioarteko Erakustazokan, 60.000 m2 estali dituen gunean, nazioarteko garrantzia duten merkataritza-feriak antolatzen dira, eta Burtsak, Madrilekoarekin eta Bartzelonakoarekin batera, Estatuko ekonomiaren egoera adierazten du.
Erlazionatutako estekak:
Euskadi atsegin handiz
Iturria: Lehandakaritza-Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia
|