Euskadiko lehen sektoreak Balio Erantsi Gordinaren %0,90 sortzen du (2006), eta biztanleen %1,24ri ematen die lana, Eustat - Euskal Estatistika Erakundeak eskainitako datuen arabera.
Euskadiko landa eta arrantza inguruneaz ari garenean, euskal lurraldeko hiru laurdenez eta bertako herrietako biztanleez hitz egiten dugu. Izan ere, gehienek, nola edo hala, lotura estua dute lurraren lanketarekin eta itsasoko lanarekin. Lurraldeko gune horietan, hain zuzen ere, kalitateko eta osasun-bermeko elikagaiak ekoizten dituzte, eta, eurei esker, gastronomiako adibide esanguratsua da gure herrialdea. Berton, ardoa, txakolina, laboreak, erremolatxa, patata, esnea, haragia, barazkiak... ekoitzi, eraldatu eta merkatuan banatzen dira, kontsumitzaileek eskatutako kalitate-maila handienak kontuan hartuta.
Produktu askok eta askok Eusko Labela dute, kontsumitzaileei batezbesteko orokorra baino handiagoa den kalitatea bermatzen dietelako eta produktuen jatorria eta benetakotasuna segurtasun osoz ziurtatzen dizkietelako. Kontsumitzaileentzako kalifikazio eta identifikazio ikur ofiziala da, eta Euskadin bertan ekoitzitako edo egindako elikagaiek lortzen dute, beti ere araudian zehaztutako ezaugarri bereizgarriak betetzen badituzte.
Hona hemen elikagaien kalitatearen Eusko Labela duten produktuak: behikia, baserriko arrautzak eta oilaskoa, esneko arkumea, Gernikako piperra, Arabako patata, tomatea, Ibarrako pipermina, indabak, eztia, esne pasteurizatua, hegaluzea eta hegalaburra. Horrez gain, "Euskal Baserri" berme-markako produktuak ere hartu behar ditugu kontuan (esate baterako, frutak eta ortuariak), bai eta "Nekazaritza Ekologikoa" ekoizpen-deiturako produktuak ere.
Jatorrizko deiturei begira, Idiazabal gazta, Arabako Errioxako ardoa, Getariako txakolina, Bizkaiko txakolina eta Arabako txakolina nabarmendu behar dira.
Bestalde, euskal nekazaritza-lurretako produktuak eraldatzearen eta merkaturatzearen arloan egin diren hobekuntzei esker, balio erantsi handiagoa sortzeko aukera izan da elikagaien katearen hasiera-hasieratik. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien industriek sektorearen gainerakoaren gainean duten trakzio-eragina indartu dute hobekuntza horiek.
Arrantzari dagokionez, Euskadik arrantza-sektore lehiakorraren etorkizunaren aldeko apustua egiten du oraindik. Izan ere, lehentasuna ematen die arrantzako baliabideen berdintasunezko kudeaketa iraunkorrarekin zerikusia duten politikei, erauzteko eta eraldatzeko egituren hobekuntzari eta merkatu-zokoak hartzeko eskemen eta tresnen ezarpenari. Horrela, bada, euskal arrantzako azpisektoreen bideragarritasuna bermatu egingo da epe ertain eta luzeari begira.
Erlazionatutako lotura:
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila